Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko martxoa  101. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Maite diren pertsonak, gero eta antzekoago bihurtzen direla dio herri jakituriak. Beste horrenbeste gertatzen zaigu Jainkoarekiko harremanean: gero eta bere antzekoago eginez goazela, Jesusen asmo, sentipen eta irrikak geure eginez. Eta barru barrutik ateratzen zaigu Mariari bezala: “Hona hemen zure zerbitzaria. Egin nigan zure nahia”.

Gogoetarako gaia

Minoritatea (txikien izatea)

Minoritatea (txikien izatea) frantziskotar kutsuko hitza da. (Ez zaitezte bila joan (gaztelaniazko) hiztegira, agertzen den esanahi bakarra adingabea baita). Asko darabilgun hitza da, baina horrek ez du esan nahi bere edukia asko praktikatzen dugunik. Gure artean esan nahi du azkenekoak izatea, eskubide eta pribilegiorik gabeak. Frantziskok nahi zuen, bere anaia eta arrebak besteen zerbitzuan jartzen diren pertsonak izatea, ama izaten dakitenak, zeren eta ama batek seme-alabak zerbitzatzen eta maitatzen ditu bere buruaz ahazturik. Frantziskok ez zuen nahi, bere anaietako inor besteen gainetik sentitzea eta jartzea. Haiek txikienak izatea nahi zuen. Gaur esango genuke “ezereztzat hartuak”.

Minoritatea, berarentzat, Jesusek berak gure artean egotean hartu zuen lekuan jartzea da. Frantzisko liluratuta gelditzen zen Jesusen pobreziaz, apaltasun eta txikitasunaz, Haren zerbitzatu-gogoaz, Haren ez-indarkeriaz. Txikien izatea eta minoritatea bizitzea Jainkoaren lekuan jartzea da, Jesusen alboan jartzea. Eta leku horretatik minoritatea zera da: Jainkoak guri eta besteei begiratzen dien lekutik guk pertsonei begiratzea. Eta leku horretatik Jesusekin berarekin esan ahal izatea: “Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu”.

Dagokigun lekua hartzea da minoritatea. Zentroa Jainkoa dela jakitea, ez gu. Ez dagokigula guri ohoreak hartzea eta ondo ikusiak izatea, baizik eta albora egitea Jainkoari pasatzen uzteko. Ez dagokigu, ezta ere, gure lanen ordaina hartzea, baizik eta dena ahal den ondoen egitea, jakinik “morroi probetxugabe” garela. Jainkoagan uste osoa izatea da guri dagokiguna. Eta konfiantza horretatik gure eginak haren eskuetan uztea.

Ebanjelioko pasartea: Mt 18,1-5

Hurbildu ziren ikasleak Jesusengana eta galdetu zioten: “Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?” Jesusek, haur bati dei egin eta haien aurrera ekarririk, esan zien: Benetan diotsuet: Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan. Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena. Eta honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau.

Frantziskotar espiritualtasuna

Bestalde, anaiek ez bezate izan botererik eta aginterik, eta are gutxiago beren artean. Izan ere, honela dio Jaunak Ebanjelioan: Herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriok, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Ez du horrela izan behar anaien artean. Hauen artean handien izan nahi duena izan bedi guztion zerbitzari eta morroi; eta beraien artean nagusiena egin bedi txikienaren pareko. Eta anaia batek ez biezaio beste bati gaizki egin edo esan; baizik eta, espirituzko karitateaz, elkar zerbitza eta elkarri obedi biezaiote borondatez.

Eta ez bedi inor priore deitu, baizik eta den-denak anaia txiki dei bitez. Eta oinak garbi biezazkiote elkarri. Anaiak, edozein lekutan daudela ere, besterenean zerbitzuan edo lanean ari direlarik, ez bitez izan etxezain, ez eskribau, ez zerbitzatzen duten etxeko buru, ... baizik eta txikienak izan bitez eta etxean diren guztien menpeko.

Egiaz ziren txikienak, guztien menpeko izanik, azken tokiak eta desohore kutsua zuten lanbideak bilatuz, horrela, egiazko apaltasunean oinarritzea lortzeko.

Otoitza

Jesus Jauna,
nolako lanak ematen dizkigun
morroi, morroi gizajoak, garela jakiteak.
Zenbat kostatzen zaigun onartzea
ezer gutxi garela,
etengabe bizi behar dugula
zerbitzu-jarreran.

Nolako mina ematen digun
besteak aurretik pasatzen uzteak,
gure meritu eta lorpenak
besteek beti ez aitortzeak,
gure izena ez agertzeak...

Zenbat kostatzen zaigun zerbitzatzea
zerbitzatuak izan gabe,
zerbitzatzea mirabekeria dela
azpi-azpian uste izan gabe,
zerbitzatzea esklaboek egitekoa dela
barru-barruan pentsatu gabe.

Jesus Jauna,
soilik zerbitzatzen duenak balio du.
Soilik zerbitzatzen badugu gara baliagarri.
Soilik besteei zerbitzu egitean
gara benetan zure jarraitzaile.
Soilik ausardia badugu
geure burutik aldentzeko,
burua jaisteko, gu geu erditik kentzeko,
azkenengoei protagonista izaten uzteko...
orduan egin behar genuena izango dugu.
Jesus Jauna,
Lagun iezaguzu ulertzen,
justiziaren aldeko konpromisoa eta
babesgabe eta pobretuei zerbitzu egitea
ez dela soilik fededun garenaren ondorio bat.
Ez, ez da soilik ondorio bat,
fededun izatearen parte esentziala da.
Zerbitzurik gabe gure fedea antzua da,
gure Kredoa ezerez nabarmena
eta gure otoitza baloiak kanpora botatzea.
Egin gaitzazu zerbitzari pobretxo.
Egin gaitzazu andre eta gizon zerbitzari.
Amen.

Gutuneko azken hitzak

“Lehena izan nahi duena izan bedi azkena” Nazareteko Jesus

2017ko martxoko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate martxoko erreferentzia guztiak:

1 Mt 6,1-6.16-18 / 2 Lk 9,22-25 / 3 Mt 9,14-15 / 4 Lk 5, 27-32 / 5 Mt 4,1-11 / 6 Mt 25,31-46 / 7 Mt 6, 7-15 / 8 Lk 11, 29-32 / 9 Mt 7, 7-12 / 10 Mt 5, 20-26 / 11 Mt 5, 43-48 / 12 Mt 17, 1-9 / 13 Lk 6,36-38 / 14 Mt 23-1-12 / 15 Mt 20, 17-28 / 16 Lk 16, 19-31 / 17 Mt 21, 33-43.45-46 / 18 Lk 15, 1-3.11-24a / 19 Jn 4 / 20 Mt 1,16.18-21.34a / 21 Mt 19,21-35 / 22 Mt 5,17-19 / 23 Lk 11, 14-23 / 24 Mk 12 28-34 / 25 Lk 1,26-38 / 26 Jn 9 / 27 Jn 4, 43-54 / 28 Jn 5,1-3,5-16 / 29 Jn 5,17-30 / 30 Jn 5, 31-47 / 31 Jn 7,1-2.10.25-30


Martxoko Otoitza hilaren 30ean izango da.



Asisko Frantzisko eta Klara bizi izan ziren lekuak gogoeta eta otoitz eginez ezagutzea eskaintzen dizugu.
Bilaketa, atsedena... edo beste era bateko nekea bizitzeko aukera izan dezakezu.
ASISERA GOAZ 2017ko UZTAILAREN 1etik 8ra.
Interesa baduzu, esaguzu: 615-785328 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.