Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko urtarrila  99. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Nazioarteko Bakearen Eguna ospatuz ekiten diogu urteari, erlijio eta kultura ezberdinen arteko harmonia bidez guztion laguntzarekin Bakeak dituen mehatxu nagusiei aurre egiteko helburuarekin eratua. Asisko Frantziskok ere bakea eta ona bilatzea eskatzen zigun. Eginkizun galanta esku artean duguna. Jaunak eman diezagula bere bakea.

Gogoetarako gaia

Bakea eraikiz

Bakea da gizakiaren irrika handienetako bat. Hainbat modutan esaten da hori: bakeak egin, bakearen alde jokatu, bakean bizi, bakea nahi izan, bakea eman.... Ametsik ederrenetako bat da garai guztietan. Eta giza existentziaren gune guztiak ukitzen ditu: bake soziala, familiakoa, pertsonaren baitakoa... Zenbat ahalegin bakea lortu asmoz!

Askotan pentsatzen dugu bakea egoera bat dela, gatazkarik, gerra eta borrokarik, gabe egote bat, lasai bizitzeko modu bat. Baina behin eta berriz hautsi egiten da, bakea deitzen dugun horren antza duen harmonia-modu hori, eta berriro hasi behar dugu amesten dugunaren bila. Baina, agian, bakea ez da egoera bat, dinamika bat baizik, etengabeko ahalegina, amairik gabeko egitekoa. Bakea, beharbada, beharrezko baldintza bat da (soziala, familiakoa edo pertsonala), bertan hobeak egiten gaituzten giza errealitateak sor daitezen. Baldintza horiek behar dira bilatu, landu, garatu. Izan daiteke alor sozialean( justizia, ekitatea, begirunea, tolerantzia, libertatea...), edo alor pertsonalean (norbere ezagutza, xera, benetakotasuna, jakinduria...).

Hori horrela, beti ariko gara bakea eraikitzen ala desegiten. Beti izango da burutu gabea, eta horregatik beti izango da posible bake-bidean aurrera egitea. Zein ederra den bakearen alde ahalegintzen diren pertsonak aurkitzea, pertsona otzanak, baketuak, bakegileak. Zorterik handienetakoa da hori gizarteko eta senide arteko bizikidetzan. Horiek Jainkoaren seme-alaba izango dira deituak.

Horrez gain, bakea dohain ere bada, erregali, bedeinkazio. Esaten dugu: bakea aurkitu, bakea eskatu, bakea hartu. Sinesmenetik Jainkoari eskatzen diogu, eman diezagula bere bakea. Eta Jesus da esaten diguna: “Nire bakea uzten dizuet, nire bakea ematen”. Eta Bera da, baita ere, bakea hots aldarrikatzera mundura bidaltzen gaituena: “Edozein etxetan sartzen zaretelarik, esan lehenbizi: ‘Bakea etxe honetakoei’”.

Bibliako pasartea: Ef 2,13-19

Orain, berriz, Kristo Jesusenak eginik, garai batean urruti zinetenok, hurbildu egin zarete Kristoren heriotzari esker. Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak bi herriak, bereizten zituen etsaigoaren hesia deseginez. Bere gorputzean baliogabetu egin du legea bere agindu eta arauekin, eta bi herriekin gizadi berri bakarra sortu du bere baitan, bakeak eginez. Bi herriak Jainkoarekin adiskidetu ditu eta gurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean elkartu, beraien arteko etsaigoa suntsituz. Bere etorrerarekin bakearen berri ona hots egin zigun: bakea zuei, urruti zinetenoi, eta bakea hurbil zirenei Zeren bai batzuk eta bai besteok hurbil baikaitezke Aitarengana Espiritu berarengan elkarturik. Ez zarete, beraz, ez arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baizik eta Jainkoaren familiako.

Frantziskotar espiritualtasuna

Inor ez epaitzeko eta leunki bizi eta dotore eta bikain janzten zirenak ez gutxiesteko eskatzen zien anaiei, Jainkoa haien eta gure Jauna delako... Eta esaten zien baita anaiek gizaki guztiei, anaiei eta nagusiei zor zaien begirunea erakustea nahi zuela; izan ere, Kreatzaile bakarrak sortu dituenez, anaiak dira... Eta gaineratzen zuen: «Hara nolakoa behar lukeen izan anaien jokabideak jendearen aurrean: haiek ikusten dituen edo haiei entzuten dien edonork zeruetan dagoen Aita goretsi eta goratu egin beharko luke gogo onez».
Hauxe zen bere irrikarik handiena: bai berak bai bere anaiek egintza on ugari egitea, eta horien bidez Jauna goretsia izatea. Esaten zien: «Ahoz hots egiten duzuen bakea, oparoago izan dezazuela zeuen bihotzetan. Ez eman inori haserrebiderik, ez galbiderik; baizik eta, zeuok otzanak izanik, eragin guztiei bakera, onberatasunera eta bihotz-batasunera. Honetarako izan baikara deituak: zaurituak sendatzeko, hausturak lotzeko eta oker dabiltzanak zentzarazteko».

Otoitza

Jauna, egin nazazu zeure bakearen zerbitzari.
Gorrotoa dagoen lekuan, jar dezadala maitasuna,
iraina dagoen lekuan, barkamena,
haserrea dagoen lekuan, batasuna,
gezurra dagoen lekuan, egia,
zalantza dagoen lekuan, sinesmena,
etsipena dagoen lekuan, itxaropena,
ilunpea dagoen lekuan, argia,
tristura dagoen lekuan, poza.
Maisu, ez dezadala gehiago bila poztua izatea neuk poztea baino,
konprenitua izatea neuk konprenitzea baino,
maitatua izatea neuk maitatzea baino.
Zeren ematea baita hartzeko bidea,
norberaz ahaztea, nork bere burua aurkitzeko bidea,
barkatzea, barkamena iristeko bidea,
eta hiltzea, betiko bizitzara jaiotzeko bidea.

Gutuneko azken hitzak

“Hiltzeko nahikoa da esku bat. Bi behar ditugu laztantzeko, bi txalotzeko, munduko esku guztiak bakerako.” (Gloria Fuertes)

2017ko urtarrileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urtarrileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 2, 16-21 / 2 Jn 1, 19-28 / 3.Jn 1, 29-34 / 4 Jn 1, 35-42 / 5 Jn 1, 43-51 / 6 Mt 2,1-12 / 7 Mt 4,12-17.23-25 / 8 Mt 3,13-17 / 9 Mk 1, 14-20 / 10 Mk 1, 21-28 / 11 Mk 1, 29-39 / 12 Mk 1, 40-45 / 13 Mk 2, 1-12 / 14 Mk 2, 13-17 / 15 Jn 1,29-34 / 16 Mk 2, 18-22 / 17 Mk 2, 23-28 / 18 Mk 3, 1-6 / 19 Mk 3, 7-12 / 20 Mk 3, 13-19 / 21 Mk 3, 20-21 / 22 Mt 4,12-23 / 23 Mk 3,22-30 / 24 Mk 3, 31-35 / 25 Mk 16,15-18 / 26 Mk 4, 21-25 / 27 Mk 4, 26-34 / 28 Mk 4, 35-41 / 29 Mt 5,1,12a / 30 Mk 5,1-20 / 31 Mk 5,21-43


Urtarrileko otoitza 26an izango da



Asisko Frantzisko eta Klara bizi izan ziren lekuak gogoeta eta otoitz eginez ezagutzea eskaintzen dizugu.
Bilaketa, atsedena... edo beste era bateko nekea bizitzeko aukera izan dezakezu.
ASISERA GOAZ 2017ko UZTAILAREN 1etik 8ra.
Interesa baduzu, esaguzu: 615-785328 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.