Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2016ko abendua  98. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Jainko Jaunak badu zerikusirik gure eguneroko bizierarekin? Jainkoari axola ote gure buruhausteak, gure kezkak? Eta axola bazaizkio... zergatik gabiltza beraren aurrean jartzerakoan hori guztia albo batetara utzi behar dugulakoan, “bakea sentitzeko”?
“Zatozte nigana lanpetuok, nahigabetuok, eta nik arinduko zaituztet”.

Gogoetarako gaia

Lanari atseden eman

Lan mundua, anbiguetate ugariko esparrua da guretzat. Batetik, nekosoa da eta Bibliaren esaldia egia bihurtzen da: “ogia zeure izerdiz irabaziko duzu”. Lan munduak gure grina ilunak ere azalerazten ditu, elkarrekiko konpetentziak, aitortu ezin diren interesak, lehiak, botere nahiak. Tentsio gunea, inondik ere. Baina norberaren hazkunde esparru ere bada, ardurak hartzeko esparrua, heldutasun esparrua, sorkuntzakoa, pazientziarena, gauzak ongi egitearena.

Lan munduan, egunez egun, garenaren zati handi bat jokoan jartzen da. Gure onena eman dezakegu, edota gure okerrena atera daiteke. Lanak hazten eta heltzen lagun diezaguke, eta halaber, sortzen digun tentsioak gugan agresibitatea edo egiten dugunarekiko gogo-eza eta borondate txarra sor ditzake.

Nola bizi lan mundua tentsioetan lehertu gabe, edo eta ezerk eragiten ez dion funtzionario ilun bihurtu gabe? Nola aurkitu goizero gure lana gogoz bizitzeko arrazoiak? Horren sekretua lanari atseden ematen jakitean datza. Lanari bere tamaina ematen jakitean, absolutu bihurtu gabe. Lanetik kanpo beste esparruak bizitzea. Baina hori bezain ezinbestekoa da inguruan eguneko tentsio eta lorpenak partekatzeko norbait izatea. Bestela, gure bizkar-zorroa luzaro gabe eragingo diguten tentsioz betetzen goaz.

Eta noski, gure eguneroko lana Jainkoarengan utz dezakegu eta atseden eman. Jesusek berak hala esana utzi zigun: “egun bakoitzari aski zaizkio bere buruhausteak”. Izan ere, sarri gure tentsioak biharko eguna kontrolatu nahi izatetik datozkigu, geroak ematen digun ziurtasun gabeziatik. Zeinen garrantzitsua den Jainkoa gure ziurtasunik ezaz, gure egonezinez arduratzen denaren konfiantza izatea, eta horrela guztia bere eskuetan utzi ahal izatea. Ez axolagabetzeko, baizik eta guztia konfiantzaz bizi ahal izateko.

Ebanjelioko pasartea: Jn 21,1-7

«Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira-ertzean. Honela gertatu zen agerpena: Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas –Bikia zeritzana–, Natanael –Galileako Kanakoa–, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Horretan, Simon Pedrok esan zien: “Arrantzura noa”. Besteek erantzun zioten: “Zurekin goaz gu ere”. Irten eta ontziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu. Eguna argitu zuenean, aintzira-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien: “Mutilok, baduzue jatekorik?”. Haiek erantzun: “Ez”. Jesusek esan zien: “Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue”. Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: “Jauna da”».

Frantziskotar espiritualtasuna

Anaiak, edozein lekutan daudela ere, besterenean zerbitzuan edo lanean ari direlarik, ez bitez izan etxezain, ez eskribau, ez zerbitzatzen duten etxeko buru; eta ez bezate besterentzat eskandalu-bide eta norbere arimarentzat kaltegarri izango den lanbiderik har. Baizik eta txikienak izan bitez eta etxean diren guztien menpeko. Eta lanean dakiten anaiek lan egin bezate eta jardun ezagutzen duten ofizioan, baldin arimaren salbamenaren kontrakoa ez eta oneski egiteko modukoa bada. Profetak baitio: Zeure lanaren fruituaz biziko zara eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. Eta Apostoluak: Lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan; eta baita: Jarrai beza bakoitzak, Jainkoak deitzerakoan zuen ofizio eta lanbidean... Eta premia dutenean, bihoaz limosna eske gainerako behartsuak bezala. Eta zilegi bekie beren ofizioak eskatzen dituen lanabes eta tresnak edukitzea.

Frantziskok, egunean zehar lanean eta jende artean xume eta anaikorki bizituz ikusten ditu anaiak, haiekin eguneroko lanak eta nekeak partekatuz. Hori da beren bizimodua: ebanjelio santua gauza txiki eta apaletan bizitzea, ustea izanez orduan doala Jaunaren presentzia ernez ezkutuan.

Otoitza

Zeuretzat naiz ni, maitea:
zer nahi duzu egitea?
Hona hemen nire bihotza,
jartzen dizut zeure eskura:
gorputz, arima ta bizitza,
barruak eta joera.
Zuri eskaini bainatzaizu,
Senar ezti eta eroslea,
zer nahi duzu nik egitea?
Heriotza edo bizitza
osasuna edota gaitza;
ohore edota desohore,
eman gerra nahiz bakea,
makal nahiz sendo egotea,
ta esango dut: ala bedi!
zer nahi duzu egitea?
Aberats edo pobre izatea,
eman poz edo nekea,
alaitasun edo tristura,
infernu edo zerua;
bizitza leun, eguzki argia:
denera bainaiz jarria,
zer nahi duzu egitea?
Atseden dezadan nahi baduzu,
atseden nahi nuke maitez,
lana eskatzen badidazu,
hil nahi nuke lan egitez;
esaidazu non, nola ta noiz,
esaidazu, bai, maitea:
zer nahi duzu egitea?
Nahi baduzu orazioa,
bestela lehortasuna,
emaidazu debozioa,
edo bestela idortasuna.
Oi ene Errege Gorena,
hemen dut soilik bakea;
zer nahi duzu egitea?
Zeuretzat naiz ni, maitea:
zer nahi duzu egitea?

Santa Teresa Jesusena

Gutuneko azken hitzak

“Pazientzia sustrai garratzeko zuhaitza da, baina fruitu gozoduna” Persiar esaera zaharra)

2016ko abenduko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abenduko erreferentzia guztiak:

1 Mt 7, 21.24-27 / 2 Mt 9, 27-31 / 3 Mt 9, 35-10, 1.6-8 / 4 Mt 3, 1-12 / 5 Lk 5,17-26 / 6 Mt 18, 12-14 / 7 Mt 11,28-30 / 8 Lk 1, 26-38 / 9 Mt 11, 16-19 / 10 Mt 17, 10-13 / 11 Mt 11, 2-11 / 12 Mt 21, 23-27 / 13 Mt 21, 28-32 / 14 Lk 7,19-23 / 15 Lk 7, 24-30 / 16 Jn 5, 33-36 / 17 Mt 1, 1-17 / 18 Mt 1, 18-24 / 19 Lk 1, 5-25 / 20 Lk 1, 39-45 / 21 Lk 1, 26-38 / 22 Lk 1, 46-56 / 23 Lk 1, 57-66 / 24 Lk 1, 67-79 / 25 Jn 1, 1-5.9-14 / 26 Mt 10, 17-22 / 27Jn 20, 2-8 / 28 Mt 2,13-18 / 29 Lk 2, 22-35 / 30 Mt 2, 13-15.19-23 / 31 Jn 1, 1-18


Abenduko otoitzaldia 29an izango da.