Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2016ko iraila  95. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Sarri beldur izan ohi gara Jainkoarekin aurrez aurre jartzeko, agian ontzat hartuak izateko beharrak ez digulako onik ematen edo agian geure irizpidez begiratuak izateko beldurrez. Baina Jainkoari errukiak aurre hartzen dio. Gure artean ere maitasunak guztia dezakeela, guztia barkatzen duela baldin badakigu, zer egingo ez ote du Jainkoaren maitasunak?

Gogoetarako gaia

Nork bere buruari barkatu

Barkamenaz mintzo garenean, ia beti besteei barkatzeaz ari gara edo bestela besteek niri barkatzeaz; baina, zer dago nik neure buruari barkatzeaz?

Agian sentitzen dugu, ez dagoela geugan ezer barkatu beharrekorik; edo agian baditugula aurre nola egin edo beraiekin zer egin ez dakigun gauzak eta gertaerak, hartu ahal izan ditugun erabaki ez zuzenak, beste batzuei kalte egin ahal izan dienak ... Pentsa dezakegu guztiak gaindituak daudela, baina noizik behin berriro agertzen dira gure bizitzan.

Neure buruari barkatzeak zera esan nahi du: neure historiari begiratuz utz diezaiokedala neure buruari perfektu ez izaten, onar dezakedala ez ditudala bete bizitzan neure buruari jarritako ideal eta helburuak, utz diezaiokedala neure buruari hutsegiteak egiten berehalaxe neure burua zuritu beharrik gabe, eta hala ere egin dudala ibilaldi bat neure bizitzako bidean, zeinetan neure historia bere zuri-beltzean onartzen dudan, berorrekin bakeak egiteko eta onerako izan dela ikusteko.

Neure buruari horrela barkatzeak lagundu egingo dik besteei barkatzen, eta askatasuna emango beste harreman libreago eta irekiago bat eduki ahal izateko. Perfektu ez naizela aitortzeak, eta hala ere neure burua, den bezalakoa, maitatzeak eta onartzeak, ireki egiten nau besteen hutsegiteak erraz eta ulermenez onartzeko gauza izango naizen harremanetara.

Ahalegin gaitezke, orobat, geure buruari Jainkoagandik barkatzen. Hark barkatzen ditu gure zailtasun guztiak, gure bekatua, are guk geurez barkatu ezin dugun hura.

Maitasuna eta barkamena beti ematen digun Jainko errukitsua zain dago gu Harengana egunez egun hurbil gaitezen, guk geure buruari barkatzen irakasteko, eta mundua gure inguruan gizatiarragoa eta errukitsuagoa egingo duen begirada solidarioa guri emateko.

Bibliako pasartea: 1Ko 4,1-5

Beraz, har gaitzatela denek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren asmo ezkutuen administratzailetzat. Eta administratzaileari eskatzen zaiona leiala izatea da. Niri dagokidanez, gutxi axola zait zuek edo giza auzitegik epaitua izatea. Neuk ere ez dut epaitzen neure burua. Egia da neure kontzientziak ez nauela ezertan salatzen; baina horrek ez du esan nahi neure burua errugabetzat dudanik, Jaunak bainau epaitzen. Ez dezazuela, beraz, epea baino lehen epai. Itxaron Jauna etorri arte. Berak argituko du ilunpean ezkutatua dagoena, berak agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta orduan, nork bere merezia jasoko du Jainkoarengandik.

Frantziskotar espiritualtasuna

Egun batez, hainbeste mesede egin zion Jaunaren errukia miresten ari zela, bere eta beraren anaien bizibideak izango zuen bilakaera ezagutu nahi izan zuen Jaunagandik, eta otoitz-leku batera joan zen, maiz egiten zuen bezala.

Luzaroan egon zen han, beldur-ikaraz, mundu osoaren Jabearen aurrean. Barruko samintasunez gaizki igarotako urteak gogora ekarriz, hitzok errepikatzen zituen: Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz. Poliki-poliki, halako poz esanezinekoa eta gozotasun neurrigabea bihotz barnera isurtzen zitzaiola sumatzen hasi zen.

Gainera, bere senetik kanpora sentitu zen, eta bekatuaren beldurrez bihotzean pilatu zitzaizkion sentimendu itogarri eta ilunpeak uxaturik, bekatu guztiak barkatu zitzaizkion ziurtasuna eta Jaunaren grazian bizi zen konfiantza eman zitzaion barnean. Orduan, kordea galdurik, gora jasoa eta halako argi batean guztiz bildua, bere barruko begirada zabaldurik, garbi ikusi zuen etorkizunean gertatuko zirenak. Gozotasun hura argiarekin batera desagertu zenean, espiritu berriz jantzita, beste gizon bat bihurtu zen.

Otoitza

Zoriontsua Jainkoak hobena kendu
eta bekatua barkatu diona!
Zoriontsua,
Jaunak errurik egozten ez diona!
Isilik egon nintzen bitartean, jota nuen gorputza,
egun osoan aieneka.
Gau eta egun gainean nuen zure esku gogorra,
indarrak makaltzen ari zitzaizkidan, udako sargoritan bezala.

Orduan, aitortu nizun bekatua,
ez nizun gorde errua.
Hobenak zuri aitortzea erabaki nuen, Jauna,
eta barkatu zenizkidan erru eta bekatuak.

Otoitz egin biezazu, beraz,
fededunak, larri denean:
uholde handia izanik ere,
ez du harrapatuko.
Zu niretzat babesleku: arriskutik gordetzen nauzu,
askapen-kantaz inguratzen.

Sal 32,1-7

Gutuneko azken hitzak

“Gizakia hazi egiten da belaunikatzen denean.” (Alessandro Manzoni)

2016ko iraileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate iraileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 5, 1-11 / 2 Lk 5, 33-39 / 3 Lk 6, 1-5 / 4 Lk 14, 25-33 / 5 Lk 6,6-11 / 6 Lk 6, 12-19 / 7 Lk 6, 20-26 / 8 Mt 1,1-16.18-23 / 9 Lk 6, 39-42 / 10 Lk 6,43-49 / 11 Lk 15, 1-10 / 12 Lk 7, 1-10 / 13 Lk 7, 11-17 / 14 Jn 3, 13-17 / 15 Lk 7, 36-50 / 16 Lk 8, 1-3 / 17 Lk 8, 4-15 / 18 Lk 16, 1-13 / 19 Lk 8, 16-18 / 20 Lk 8, 19-21 / 21 Mt 9,9-13 / 22 Lk 9, 7-9 / 23 Lk 9, 18-22 / 24 Lk 9, 43b-45 / 25 Lk 16, 19-31 / 26 Lk 9,46-50 / 27 Lk 9, 51-56 / 28 Lk 9, 57-62 / 29 Jn 1, 47-51 / 30 Lk 10, 13-16


Iraileko otoitza 29an izango da