Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko martxoa  113. zenbakia

1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonala

Badirudi segurtasuna bilatzea edo bizitza kontrolatu nahia geure oinarrizko instintuak ditugula. Baina Jesusek zerbait oinarrizkoa irakasten digu: Jainko Aitarengan konfiantza osoa jarriz bizitzen, bere seme-alaba gaituelako.
Konfiantzan bizitzen ikastea. Hau bai dela erronka! Bai, baina a zer atsedena!

 Gogoetarako gaia

Egun bakoitza bizi

Sarriro entzuten dugu esaten, axola handikoa dela “egun bakoitza bizitzea”: “egun bakoitza den dohaina bizi”, “momentu honetakoa bizi”, “egun bakoitza sakoneraino aprobetxatu eta bizi”, “carpe diem”. Baina komeni da atzean dagoena ikusten gelditzea, zeren eta ez baita berdin ...

Horrelako esanak maiz entzuten dira, adibidez, gertuko pertsonen bat hiltzean edo gaixotzean, edo afektu edo proiekturen batek porrot egitean. Alde positiboak ditu, noski, jakituria horrek: bizitza pasatzen ez uztea, tentsioaz bizitzea, xumetik eta lautik eskaintzen zaigun guztiari zukua ateratzea. Eta hori ez da gutxi. Baina, hala ere, gorde lezake barruan mugatasunarekiko erresistentzia, edo ihes doakigun denborarekiko beldurra; eta izan daiteke errealitatearen ikuskera bat ere, non egiten denak, eraginkortasunak, ongizateak hartzen duen baliorik handiena, eta arbuio egiten zaion atsegin gutxiagokoari, sufrimenari eta atsekabeari. Auzi irekia eta zalantza sanoa da hau gure garaiko eta kulturako irizpideen aurrean, zeintzuk eztabaida-ezinak baitirudite, baina agian hainbeste izan gabe.

Jesusek ebanjelioan esaten du, ez arduratzeko biharko egunaz, aski dituela egun bakoitzak bere buruhausteak (Mt 6,34). Eta hasiera batean badirudi gauza bera dela hau lehen esanarekin. Baina ez. Jesusengan hitz hauek, bizitzako jakinduria apur bat, edo pozik bizitzeko aholku bat, baino askoz gehiago dira. Jesusen misterio pertsonalari dagozkion hitzak dira.

Pentsatzen jarrita hunkigarria da nola Jesus, guztiz kontziente izanik munduan Jainkoaren Erregetza martxan jartzen ari dela, bere premien axolarik gabe bizi den. Horrela bizi da Bera, Aitak egunez egun eman nahi diezaionari adi. Hortik ulertzen da egunez egun, bakoitza azkenekoa balitz bezala, egiten duen lanaren intentsitatea, (gaixoak sendatu, zapalduak askatu, behartsu eta gutxituengana hurbildu, bere garaiko erlijioaren bortxa salatu, azkeneraino emana bizi), bai eta egunero otoitzera erretiratzeko duen konfiantza ere, dena Aitaren eskuetan utziz, Haren nahitik edanez, besterik gabe uneoro obeditzen saiatuz. Jesusentzat, egunean eguneko gogo bizia ez da positibo eta gogoko duenari estuki lotzea, ez eta bertuteari berari ere. Segur edukitzea, baizik, bizia soilik Aitari obeditzetik, egun bakoitzak nahi eta eman dezan hartara “moldatzetik”, datorrela.

Ebanjelioko pasartea: Mt 6,25-34

«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere? Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Anaiak munduan zehar dabiltzanean, ez bezate biderako ezer eraman: ez poltsarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, ez makilarik. Eta edozein etxetan sartzen direlarik, esan bezate lehenbizi: «Bakea etxe honetakoei». Eta etxe hartan gelditurik, jan eta edan bezate bertan daukatenetik. Gaizkileari ez biezaiote gaizki erantzun; bestela baizik, masaila batean jotzen dituztenei, eskain biezaiete beste masaila ere. Eta soingainekoa kentzen dietenei, ez biezaiete ukatu soinekoa ere. Eskatzen dien edonori, eman biezaiote, eta berea kentzen dienari, ez biezaiote bihurraraz” (1 Er 14,1-5).

Frantziskok Jainkoa zerbitzatzea erabaki nahi izan zuenean honela adierazi zuen: “Orain arte Pedro Bernardoneri deitu diot neure aita ... baina hemendik aurrera «Gure aita, zeruetan zarena» esan nahi dut eta ez «aita Pedro Bernardone»”. Goiz hartan zuen guztitik hustu zen, horrela bere egunak behartsu eta uste onez Aitaren ardurapean jartzeko. Ezer ez eramatea, ezer ez gordetzea, fede-aitorpen bihurtuko da berarentzat: Aitak badaki zer behar dugun. Era honetan bizi daiteke egun bakoitza libre eta seguru, ardura bakartzat zera hartuta: gaur ere Jainkoa izan dadila dena argitzen eta sutzen duen eguzkia.

Otoitza

Jainko Aita Ona, gida nazazu
eta zakizkit lagun zure zorion beterantz
dagidan bidean.
Ez utzi niri, Jauna,
hasitako bidean
planto egiten.
Irakats iezadazu itxaro izaten,
etekinik ikus ez dezadanean ere;
lanean pazientziaz jarraitzen
porrot guztiak gorabehera.
Konbertsio-bidean
erantziz joan behar dut
zamatzen nauen eta bidea
nekarazten didan guztitik.
Baina uste dut, Jauna,
ezagutzen dituzula nire joranak,
eta ez duzula nire bizitza
fruiturik gabe utziko.
Sinesten dut eta itxaroten, maitatzeko
eta maitatua izateko premian naiz-eta.
Eta badakit, Jauna, maite nauzula.
Amen.

Huescako ahizpa klaratarrak

Gutuneko azken hitzak

“Aita, zeure eskuetan jartzen naiz, egin nitaz nahi duzuna, bata dela zein bestea, eskerrak damazkizut.” Charles de Foucauld

2018ko martxoko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate martxoko erreferentzia guztiak:

1 Lk 16, 19-31 / 2 Mt 21, 33-43.45-46 / 3 Lk 15, 1-3.11-24a / 4 Jn 2, 13-25 / 5 Lk 4, 24-30 / 6 Mt 18,21-35 / 7 Mt 5,17-19 / 8 Lk 11, 14-23 / 9 Mk 12 28-34 / 10 Lk 18,9-14 / 11 Jn 3,14-21 / 12 Jn 4, 43-54 / 13 Jn 5,1-3,5-16 / 14 Jn 5,17-30 / 15 Jn 5, 31-47 / 16 Jn 7,1-2.10.25-30 / 17 Jn 7, 40-53 / 18 Jn 12, 20-33 / 19 Mt 1,16.18-21.24a / 20 Jn 8, 21-30 / 21 Jn 8, 31-42 / 22 Jn 8,51-59 / 23 Jn 10,31-42 / 24 Jn 11,45-57 / 25 Mk 15, 1-38 / 26 Jn 12,1-11 / 27 Jn 13,21-33.36-38 / 28 Mt 26, 14-25 / 29 Jn 13, 1-15 / 30 Jn 18,1-19,42 / 31 Mk 16,1-7


Martxoko Otoitza hilaren 22an izango da. (Azken osteguna Ostegun Santu baita)