Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko otsaila  112. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Fedea aipatzen dugunean konfiantza aipatzen ari gara. Fede asko ala gutxi esatean, konfiantzaren tamainaz ari gara. Maitasunak konfiantza eskatzen du, baina batez ere, maitasunak berak sortzen du konfiantza.

Horregatik behin eta berriz eskatzen diogu Jainko Aitari handitu dezala gugan maitasuna eta konfiantza.

 Gogoetarako gaia

Konfiantzaz hartu eta eman

Senidetasuna honela egiten da: gero eta konfiantza handiagoko giroan, hartzeko eta emateko gaitasuna haziz joanez. Batzuetan pentsatzen dugu, zenbat eta gehiago eman, hainbat eta areago maite ditugula anai-arrebak, senarra, emaztea ... Eta ahaztu egiten dugu maitasunak hartzeko gai izatea ere suposatzen duela. Eta hori dena konfiantzan ibiliz. Konfiantza-giroan jartzen da norbait emateko eta hartzeko zorian, uneoro esaten jardun beharrik gabe.

Senidetasunean dugu lekua, falta zaiguna besteengandik hartzeko eta besteek behar dutena emateko, geure eskasiak erakutsi ahal izanez –denok gara pobre zerbaitetan–, eta arbuiatuak izateko beldur gaberik. Bakoitzak jarriko die izena beharresten dituen, eta besteengandik hartzen dituen, errealitatei. Gauza ez da ematen eta hartzen duguna trukean neurtzea, baizik eta konfiantza-giroan etengabe emanez eta hartuz jardutea. Emateko eta hartzeko konfiantza-giro horretan agertzen da bizi dugun senidetasun-maila.

Badira, konfiantzaz emate eta hartze horri mehatxu egiten dioten arriskuak. Paternalismoa da bat: soilik emateaz elikatzen da, eta azpi-azpian aintzat hartuak eta balioetsiak ... izateko premiari erantzuten dio. Dependentzia da beste bat: hartzen bakarrik daki, eta honek ere pertsonaren haurtzaroko premiei erantzuten die. Ez dago inor libre senidetasuna gaixotzen duten arrisku horietatik.

Ez dugu sekula ematearen eta hartzearen arteko oreka hau burutzea lortuko, zeren eta pertsona arteko harremanak, hain aldakorrak izanik, etengabeko senidetasun-sortze dira, atergabeko helduz joatea, behin eta berriro hastea. Elkarren beharra dugu eta, aldi berean, senidetasuna doako dohaina da.

Teologoek diote, gure Jainkoa beti ematen eta hartzen ari den harremana dela, maitasun-elkartasuna, harremanean diharduen izatea. Anai-arrebei ematera eta haiengandik hartzera deituak gaude. Horrela antz handiagoa izango dugu Jainkoarekin.

Bibliako pasartea: 2 Ko 8,7.9.13-15

Gauza guztietan aberats zarete: sinesmenean, hitz egiteko gaitasunean, jakintzan, denetarako arduran eta nireganako maitasunean; izan zaitezte aberats eskuzabaltasunean ere. Ezaguna duzue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko … Arazoa ez da besteak lasai egoteko zuek larri gertatzea, guztien berdintasuna bilatzea baizik. Une honetan, zuek sobera duzuenak haien eskasia konponduko du, eta egunen batean haien ugaritasunak zuen eskasia. Honela, berdintasuna izango da nagusi, Liburu Santuak dioen bezala: Asko bildu zuenak ez zuen sobera, ezta gutxi bildu zuenak ere eskas.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Eta anaiak edonon daudelarik edo elkarrekin topo egiten dutelarik, trata bezate elkar etxeko bezala. Eta konfiantzaz ager biezazkio batak besteari bere premiak; izan ere, amak bere haragizko haurra hazten badu eta maitatzen, zenbatez maitekiroago ez ote du maite eta hazi beharko bakoitzak bere anaia espirituala? Eta anaiaren bat gaixo eror baledi, gainerako anaiek zaindu behar dute beraiek zainduak izan nahiko luketen bezalaxe” (2 Er 6,7-9).

Frantziskok elkarrekiko konfiantzan oinarritzen ditu harreman pertsonalak eta anaia artekoak. Etxekoen arteko harremanak dira eta beraien ezaugarria da denek ematen eta hartzen dutela bizia, txera, hurbiltasuna, laguntza. Familia eta konfiantza giroan libre sentitzen dira, eta eskatu egiten dute behar dutena. Familia eta konfiantza giroan eskuzabal agertzen dira eta beste anaia sorosten dute. Aldi bat eremitorioetan bizi nahi duten anaientzat idatzitako Erregelan etxekoen arteko eta elkarrekiko harreman horiek jartzen ditu: “Erlijioso-bizitza eremitorioan eraman nahi duten anaiak izan bitez hiru, edo gehienez lau. Horietako bi izan bitez amak, eta eduki bitzate bi seme, edo gutxienez bat... Semeek har bezate aldizka ama-ofizioa, ongi iruditu eta erabakiko duten aldirako txandatuz.

Otoitza

Zure esku handietan, Jauna,
utzi nahi dut neure burua
buztina bezala moldeatua izaten,
maitasunean abandonatua egoten.
Egizu, Jauna, egunez egun senti dezadala
Zu zarela nire indar,
nire gordeleku arrisku-uneetan.
Babestua sentitzen den haurra bezala nahi dut bizi
seguru sentitzen den hura bezala.
Utz iezadazu sinesten Aita zaitudala,
zaintzen nauzuna eta nire bizia begiratzen duzuna.
Utz iezadazu lasai egoten zure presentzian,
zure txera handiaren samurtasunean.
Dena gris eta lakar zaidanean,
ager iezadazu Zu zaitudala nire irtenbidea,
nire itzulerarik gabeko joana,
nire bizitzaren argia.
Zure eskuetan utzi nahi dut ene burua,
kezka guztiak baztertuz,
Zuk eutsia izatearen pozez.
Ene burua nahi dizut utzi,
bai baitakit ez duzula huts egiten,
leiala zarela hitzorduan, poza negarraldian,
bakea gatazkatan,
inor kendu ezin didan alaitasuna.
Zu zaitut nire uste ona, bai baitakit
gertatzen zaidan guztia maitasunaren
balantzan dagoela pisatua, Amen.

Gutuneko azken hitzak

“Maitasunik gabeko etxean konfiantza ezin bizi.” (Edith Hamilton)

2018ko otsaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate otsaileko erreferentzia guztiak:

1 Mk 6, 7-13 / 2 Lk 2,22-32 / 3 Mk 6, 30-34 / 4 Mk 1,29-39 / 5 Mk 6, 53-56 / 6 Mk 7, 1-13 / 7 Mk 7, 14 23 / 8 Mk 7, 24-30 / 9 Mk 7,31-37 / 10 Mk 8, 1-10 / 11 Mk 1,40-45 / 12 Mk 8, 11-13 / 13 Lk 10, 1-9 / 14 Mt 6,1-6.16-18 / 15 Lk 9,22-25 / 16 Mt 9,14-15 / 17 Lk 5, 27-32 / 18 Mk 1,12-15 / 19 Mt 25,31-46 / 20 Mt 6, 7-15 / 21 Lk 11, 29-32 / 22 Mt 16,13-19 / 23 Mt 5, 20-26 / 24 Mt 5, 43-48 / 25 Mk 9, 2-10 / 26 Lk 6,36-38 / 27 Mt 23-1-12 / 28 Mt 20, 17-28 /


Otsailean elkarrekin ospatuko dugun otoitza 22an izango da 19:30tan