Zeinen erraz ohitzen garen onera. Berria, ona, gustagarri eta atsegina bada, denborak aurrera egin ahala ohiko eta arrunt bilakatzen zaigu, betikoa bailitzan eta horrela behar duelakoan. Hasieran txunditu gintuen horretara ohitzeko ohitura dugu, eta ohiko bezala bizi dugu; are gehiago, horrela behar duelakoan.

Interesgarria da, noizik eta behin, gure bizitzako ohikoei begirada bat luzatzea beraien balioaz jabetzeko: gauzak, harremanak, lekuak, aldiak, pertsonak... Konturatu gabe hasiera hartan izan zuten distira galtzen joan dira eta gure begirada ohitu egin da beraien presentziara. Errepaso hau egitean berriro beti izan duten –baina gure begiradapean galtzen joan diren- garrantzia berreskuratzen dute. Arazoa ez da duten balioa baizik gure begirada.

Bizitzako ibilbidean bidelagun ditugun pertsona guztiak gure bizi-ikusmoldearen zati ditugu. Batzuk, sarri ikustearen poderioz ia ikusezin bihurtuak; besteak, nahiz ikuspegitik kanpo egon, oso presente aurkitzen direnak. Zeinen zoragarria den beraien presentzia sumatzea gure bizitzetan eta beraien esanguratasunaz ohartzea: batzuk beraien presentzia hutsez, beste batzuk beraien zerbitzuagatik, besteak beraien hitzagatik, edo maitasunagatik... Bakoitza bere erara niretzako esanguratsua izaten ari da. Kontua ez da gehiago edo gutxiago sentitzea, baizik ohartzea eta eskertzea. Eskerrik asko emazte, lagun, kide, auzotar, maistra, ezagun... zarena zarela... nirekin izateagatik.

Asis Sarearen urte hauetan, asko dira bidea egiten ari diren senideak. Nahiz ez ezagutu, badakigu bidean garela. Eskerrik asko anaia, neba, arreba, ahizpa. Eta eskerrik asko Jainkoari elkarteko bizitza honetan senidetasunezko bizitzara deitzen gaituelako, eta Berekin bizia izatera.